
Gure ikastola’ART – Proiektu artistikoa eta kulturala
Ikasturte honetan artea landuko dugu: artisten ezagutza eginez eta horien gisara marraztuz eta margotuz, ikastolako pareta batean fresko bat eginez eta obra kolektiboak eraikiz ikastolaren apaintzeko. Horren egiteko, IF Matxikoten laguntza ukanen dugu.
Proiektu kulturalaren kari, ikasleek ikusgarri desberdinetara joanen dira : Versant vivant dantza ikusgarrian, etaBaionako Spacejunk taldearen eskutik, hiriko freskoak deskubrituko dituzte. Bestalde, Itzal Aktiboaren partaidetzan, euskal artista baten obra bat ikusgai egon da ikastolan. Ikasleek iritzi kritiko baten adierazten ikasten dute, beren sentsibilitatea eta kuriositatea landuz eta obra artistikoak plazerrez deskubrituz eta artista bezala obrak sortuz.
Sentsibilizazioa
Integrazio Batzordearekin elkarlanean, irekitasun eta tolerentzia baloreen transmititzeko axolarekin, ahalmen urritasunaz eta desberdintasunaz sentsibilizatze solasaldia antolatua da.
Euskararen erabilpena zaindu
Jaz euskararen erabilpena akuilatzeko ereman lanak ondorio baikorrak ditu : ikasleak euskaraz ari dira, euskara beren komunikazio hizkuntza da, eta hori zaindu behar dugu. Hortarako, aire hartzeetan, irakasle bakoitzak bere eremua zaintzen du, euskara bultzatuz beharrez. Haur gehienek gaizki erabiltzen dituzten erran molde batzuk zerrendatu ditugu eta horien erabilpen zuzena bultzatzen dugu.
Euskararen erabilpena baloratzeko, pundua erregularki egiten da, ikasleekin BNak antolatuz.
Euskararen egunak
Bakantza guzien ondotik, euskararen erabilpena berriz bultzatzeko eta sustatzeko, euskararen eguna ospatzen dugu ikastolan. Lehen mailako ikasleak taldeka ezartzen dira (adinak nahasirik), goizetan, artista baten ezagutza eginen dute eta arratsaldetan tailer desberdinetan parte hartzen dute: eskulana, sukaldaritza, kirola, gizarte jokoak eta musa. Ikasle guziak elkartzen dira ere, eta geletan ikasi kantuak elgarrekin kantatzen dituzte.
Euskaraz loratzea, momentu goxo baten pasatzea eta elkarlaguntzea dira ekitaldi honen helburuak.
Bizi jolas : Euskara mihian eta bizian
Bizi jolas saioetan egoera ludikoak proposatuak zaizkie ikasleei, aurten indar berezia emana izanen da euskararen erabileran. Joko guziek ulermena eta euskararen erabilera bultzatuke dute. Helburu nagusia da haurrek aisialdiak euskaraz goza ditzaten eta euskaraz liberti daitezen.
Bizi jolas saioak jolasetan oinarritzen dira beti, bakoitzaren sorkuntza bultzatuz, elkartasuna sustatuz eta bakoitzaren emozioak kontutan hartuz, ikasleek taldean jolas berriak eta ludikoak asmatzen dituzte eta hizkuntza jokoak egiten dituzte.
Bertsolaritza
3.urtetik goiti, Xan Alkhat erakaslearekin bertsolaritza lantzen da geletan (12 oren urtean). Hor doinuak, errimak, koplak, neurriak, lantzen dira … hots ikasleak bertsotan aritzen dira !
Ingurumena hurbila ezagutu
Ikasleei ingurumen hurbila ezagutzeko parada eskainia zaie. Ama ikastolakoak, Izpura Bordaxurian mahatsa bilduz, Apatia baserria bisitatuz, eta ibilaldiak toki ezberdinetan eginez. Lehen mailakoak, natura ardatz bezala hartuz, Iratiko oihanera eta itsas bazterrera joanez, paisaien azterketa eginez eta bazterren zaintzeko sentsibilizazioa eginez.
Heziketa sexuala
Lehen mailako ikasleek heziketa sexuala eta sentsibilizazio saio batzuk segituko dituzte, Harremanak elkarteko profesionalekin.
Aurten landuko diren gaiak : gorputzaren kontzientzia eta bere garrantzia, nork bere buruaren eta gorputzaren ongi izaitea eta autoestimua bultzatu, jarrera desegokien prebentzioa landu.